Meza Eguberri C 2Ig
Download
Report
Transcript Meza Eguberri C 2Ig
Jesus da Hitza, bizia eta giltzarria,
gure etxean bizi da.
gure kaleetan dabil, lanean lankide dugu
eta nekean lagun.
Gu bezalakoa da, bizia eta bizitasunak hartua.
Haurra da, etorkizuna iragartzeko;
pertsona heldua da, biziaren bizitasuna islatzeko;
biktima da, solidaritatea adierazteko;
berpiztua da, esperantza eta maitasuna baiesteko.
Jesus da Hitza, konturatu gabe askok bilatzen duen hura,
zeinengan askok aurkitu baitugu,
ez erantzun bat, baizik erantzuna.
Joan 1,1-18 // Eguberri ondoko 2. Igandea (C) // 2010eko urtarrilaren 3a.
Egilea: M. Asun Gutiérrez. Euskaraz: D. Amundarain
Musika: Intermezzo «Cavalleria rusticana» (Pietro Mascagni)
Jn 1 1 Hasieran bazen Hitza.
Hitza Jainkoarekin zen
eta Hitza Jainko zen.
2 Hasieran Jainkoarekin zen Hitza.
3 Gauza guztiak honen bidez egin ziren,
eta egindakotik ezer ez da hau gabe egin.
Jainkoa hitza da, irekitasuna, elkarrizketa, elkartasun iraunkorra, komunikazio
pozgarria.
Hitza dohain hartu dugu; haren bidez geure sentimenduak, geure ilusioak eta
esperantzak, geure fedea parteka ditzakegu.
Jesusengana eta gainerakoengana hurbiltzen gaituzten hitzak esan, idatzi,
kontatu, kantatu ahal ditugu.
Gure hitzen adorea, indarra, edertasuna, konpromisoa izan daitezela Jainkoaren
Hitzaren isla, parte hartze.
4 Hitzarengan zen bizia,
eta bizia gizakien argia zen;
5 argi horrek argi egiten du ilunpean,
baina ilunpeak ez zuen onartu.
Bizia da Hitza, biderako argi.
Argia/iluna delako aurkaritza askotan aipatzen da laugarren ebanjelioan.
Gezurra, egoismoa, solidaritaterik eza... adierazten du ilunak.
Argiak, berriz, bizia, egia, jatortasuna, onarpena, maitasuna...
Iluna argitzen duen argia da Jesus. Ezin ito ahal du hura inolako ilunek.
Garaile da argia.
6 Agertu zen gizon bat Jainkoak bidalia; Joan zuen izena. 7 Testigu izatera
etorri zen, argiaz testigantza egitera, haren mezuaren bidez sinets zezaten. 8
Ez zen hura argia, baizik argiaren testigantza egin behar zuena.
9 Hitza zen egiazko argia, mundura etorriz gizaki guztiak argitzen dituena.
10 Munduan zen eta, mundua haren bidez egina izan arren, mundukoek ez
zuten onartu.
Testigantza egite hori hartua dugun Argiaren oihartzun eta isla izatea da,
Hitzerako bidea argitzeko.
Jesus gizon egin izana ikusi, ezagutu, eskertu, gogo ematera...
gonbidatzen gaitu testuak, eta haren testigu izatera.
Joan bezala, testigu izatera bidali gaitu Jainkoak, Argiaren isla izatera,
«zeren haren betetik hartu baitugu».
11 Bere etxera etorri zen, baina bereek ez zuten onartu.
12 Onartu zuten guztiei, ordea, -harengan sinesten dutenei, alegia,−
Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena eman zien.
13 Hauek ez dira giza odolekoak, ezta ere gizakiaren borondatez sortuak,
baizik Jainkoagandik jaioak.
Bere etxera dator Jainkoa, bidera atera zaigu, gugana dator, batzuetan gutxien
espero dugunean. Gu bere seme-alaba egiteko dator.
Jainkoaren seme-alaba egiten gaitu Hitza onartzeak. Gainerakoen anai-arreba
bihurtuz bakarrik erantzun ahal diogu onginahi horri.
Kontraesan handi honetan eroriko ote gara: Jesus gizon egin dela gogotik aitortu
eta, egitez, gure artean dela ahaztu?
Gizakundeaz gero, jendearen artean, jendearekin, jendeagan aurkitu ahal dugu
soilik Jainkoa.
14 Eta Hitza gizon egin zen eta gure artean jarri bizitzen.
Ikusi dugu haren jainkozko aintza, Aitagandik maitasunez eta egiaz betea datorren Seme
bakarrari dagokion aintza.
15 Joanek honetaz egin zuen testigantza, oihu eginez: «Honetaz ari nintzen ni,
“Nire ondoren datorrena nire gain dago, ni baino lehenagokoa baitzen” esan
nuenean». 16 Izan ere, guztiok hartu dugu haren betearen betetik, maitasuna
maitasunaren gain hartu ere. 17 Legea Moisesen bidez eman zen; maitasuna eta
egia, berriz, Jesus Mesiasen bidez.
Jainkoa gure artean kanpatu bada, munduan gertatu ahal da Jainkoarekin topo
egitea.
Hurbil da Jainkoa, entzun diezaiokegu, sentitu ahal dugu. Gure arnasa bera arnasten
du, bidelagun dugu. Gure haragian bizi da, gure ezintasunean, gure oinazean, gure
alaitasunean, gurarietan, esperantzan. Gure bizitza osoan dago presente, gure
historiako gertaera guztietan. Giza esperientzia Jainkoaren esperientzia da jada.
Giza aurpegia Jainkoaren aurpegi bihurtu da. Honek esan nahi du ezen lagun
batengana hurbiltzean, hura onartzean, hari laguntzean, maitasun-tratua ematean,
Jainkoarekin dudala topo egiten.
Gainerakoak maite izatea, Jainkoak maite gaituen bezala, haien eta geure bizitza
usainez betetzea da.
18 Jainkoa ez du inork inoiz
ikusi; Aitaren baitan den eta
Jainko den Seme bakarrak eman
digu haren berri.
Izen berezia du Hitzak: Jesus. Hark bakarrik hitz egin ahal digu Aitaz. Hark
itzultzen digu Jainkoaren hizkuntza geurera, hark ematen digu ulertzera Hitza
geure hitzen bidez.
Abba da Aita, Aita/Ama da. «Maitasuna da Jainkoa». Hala agertu zaigu Jesusen
baitan.
Maitasun bezala eta maitasunez agerturiko Jainkoa soilik izango da sinetsia. Gizakia
suharki maite duen, hura ulertzen, hura onartzen, harentzat orain eta etorkizun
beti hobeak eta behin betiko askatasuna opa dituen Jainkoa ezagutzera emanez
soilik.
Bedeinkatua zu, Jauna, hitza dohain eman diguzulako.
Hari esker komunikatu ahal gara, elkarrizketa egin, partaide izan, galde eta
erantzun ahal dugu,
geure sentimenduak agertu, xuxurlatu eta oihu egin ahal dugu,
geure baitatik irten, munduari, haurrideei, zuri ireki ahal gakizkie.
Bedeinkatua zu, Jauna, hitza dohain eman diguzulako,
poetak eta kantariak beren poemez eta ahotsez poztu gaitzaten;
pobreenak eta ahulenak ahotsa beti doan izan dezan,
bere premiak agertu eta zure izena profetizatzeko.
Bedeinkatua zu, Jauna, eskaini diguzun isiltasunagatik,
espero dugun hitzaren oihartzuna entzun ahal izateko;
pentsatzeko eta geure ideiak arautzeko astia izan ahal dezagun;
zure misterioa sumatu eta agertuko duten
hitz lauak zizakatzeko.
Bedeinkatua zu, Jauna, hitz haragitu egin zarelako,
guk jaso ahal dugun moduko hitz,
ezagutu eta dastatu ahal izateko.
Bedeinkatu zu, Jauna, hitz ulergarri zarelako,
gure historiaren baitako hitz,
hitz bizi, hitz barne-hartzaile,
beti berria eta irekia den berri onaren hitz zarelako.
(Ulibarri FL.)