Transcript Artze

Ortzia lorez, lurra izarrez”

Josanton Artze

Aita, nahi bezain ona ez duelako, maitatu ez duenak , maitatu ahalko ote du uste bezain ona atera ez zaion semea?

Eguzkiari badiozu atzea ematen, itzala agertuko zaizu aurrean, aurrean luzatuko itzala.

Ezkur bila dabilenak ez du perlarik aurkituko, eta baldin aurkitzen badu, ez du, ez, beretzat gordeko, eta bai agudo salduko, lehenaz gain, ezkur gehiago erosteko.

Nork daki, nork esan dezake kaiolan den xoria nola den ari kantari: pozez, gizakumea duelako alaitzen kantuz, ala negarrez, ihartzen ari zaizkion hegalez?

Hanka k ba dituzte, bi behintzat; eskuak ere bai, beste hainbat; bai, baina, ai!

txapela non jarririk ez dute.

Iturri zaharretik edaten dugu, ur berria edaten, hitz bizia aditzen, beti berria den hitza, betiko hizkuntza zaharretik.

It

Txina bere Harresi Haundiaz, USA bere armada izugarriez baino sendoago babesturik zeukak, bai, bere herria, euskaraz diharduen euskaldunak.

Erdaraz diharduen euskaldunak etxeko ateak zabaltzen dizkio, zabal-zabalik, bera etxetik botako duenari.

Lurralde zehatz bat baino, zerupe jakin bat baino are areago, euskara da euskaldunen herria.

Euskara non entzuten, eta han bait du, ez beste inon, euskaldunak herria, han du Euskal Herria.

Ate hertsitik da sartu eta bide mehar malkartsuari lotu euskararen bidea duenak hautatu.

Aiseago dabiltza, erre eta urra aise eta lasai erdara arrotzak, ia kiskali duten herrian harro, bide zabalaren erdian orroka…

Hala ba zen ere lehen, areago da orain hemen, euskararen iraupena “zenbait”en eskuetan bainoago “nolako” euskaldunengan dago.

Gaitz haundiagoa dagio, askoz, gorrotoak gorrototzaileari gorrotatuari baino.

On gehiago dakarkio, askoz, maitasunak maitaleari, maitatuari baino.

Begiratu dut, begiratu, bilaka ibili naiz gauean, bilaka, luzaz, ortzi zabalean, jakiteko bazenez, ea zekitenez, baina ez dut aurkitu izarrik zure begian jada, maite, ikusia ez nuenik.

Kantua kantu denean kantaria ez da ikusten, kantuak du ezkutatzen.

Zeru goiko izarrek, zelaietako loreek, ba ote dute, maite, zu eta nire arteko kantuaren beharrik?

Zure lurretara jo nuen, ez bestetara, sua landatzera; Berant nenbilen, ordea, berant, nonbait; nire hizkiek ez zuten jada haren begia gartzen, nire hitzak ez zion dantzarik bihotzean sortzen.

Berant, beranduegi heldu nintzen… ala okerreko baratzera jo ote nuen?

Itsasoaren sakona barrentzerik ez dut ukan zu agertu aurretik, zure begiak eneetan pausatu dituzuino.

Itsasoan sakonago eta urdina ilhunago.

Ortzian barrenago eta urdina argiago.

Ortziaren barrena sakontzerik ezin ukan dut zure begiak eneetan pausatu aurretik , zure begietan eneak murgildu ditudaino.

…zekusatelakoan ez ikusiz, zekitelakoan ez ikasiz, …ilhunbeaz beste argirik ez dela aldarrikatzen, dira luzaz ene begiok ibili.

Begietara gabe bihotzean zintudan aspaldi handian sakonki erroturik.

Oi! ez dea, minaren mina, jakin nahi eta ezin Oi! baneki nor n aunan … ba nekinake nor hautan! …Han ik eta nik, biok bat, galdera bakar bat dinagu egingo, eta erantzun bat bakarra jasoko: - Nor zaitugu?

- Zu nauzu.

zu, etxean zintuztena, sutondoan ahantzia!

o, argi ororen argia, maiteetan maiteena!

zu, kerik gabeko su, itzalik gabeko argi!

Hegoak ebagi banizkion neria izango zen, ez zuen alde egingo; baina horrela ez zen gehiago txoria izango, eta nik txoria nuen maite.